XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hala ere, ziklo hauen eta fase bakoitzaren iraupena pertsona batetik bestera desberdinak izan daitezke eta gauza bera esan daiteke REM fasea noiz azaltzen denari buruz.

Maiz edozein NO REM faseren ondoren izaten da.

Gure garunak psikeari eta ametsen munduari eragiten dion berezitasun asko du.

Garuneko hemisferioak (hau da, garunaren bi erdiak), adibidez, itxuraz baino ez dira berdinak.

Berez desberdin pentsatzen dute.

Hain desberdin, ezen gizakiak bere garezurraren azpian bi garun dituela ere esan baitaiteke.

Bi hemisferioak nahitaez behar baditugu ere, bakoitzak elkar osatzeko ezaugarri bereziak ditu.

Garunaren ezkerraldea hizkuntza eta zenbakiak gobernatzen dituena da eta eskuinaldean dago intuizio, arterako sen eta emozioen kokalekua.

Lehenengoak analitikoki pentsatzen du, problemak analizatu egiten ditu eta izan ditzaketen ebazpenak aztertzen ditu.

Bigarrenak formak (baita forma abstraktuak ere) ezagutu eta aurrez abisurik eman gabe bapatean ekiten dio.

Aurpegi bat ezagutzea, adibidez, ezkerreko hemisferioarentzat lan zaila litzateke; xehetasunak banan-bana aztertu beharko bailituzke.

Eskuinekoak, aldiz, aurrez biltegiratutako milaka aurpegirekin konparatzen du eta berehala ezagutzen du.

Bi erdiak elkarlanean aritzen dira ebazpen bila, baina eskuina intuizioz jabetzen den bitartean, ezkerrak analisi bidez bereganatzen du.

REM fasean, dirudienez, garuneko eskuineko aldeak lan gehiago egiten du eta NO REM faseetan ezkerrekoak.

Agian horregatik NO REM faseetako ametsak askoz ere errealistagoak izaten dira eta REM fasekoak askoz ere ugariagoak, irudimentsuagoak, fantastikoagoak eta hunkigarriagoak.

Loaldiko funtzionamendu hau dela eta, zientzilari batzuen ustetan amets egitea garunak bere burua prest edukitzeko daukan autogimnasia moduko bat da.